Mungiako Udalak Berteiz eta Garraketa kaleetako urbanizazio-lanak amaitu ditu. Jarduketa honi esker, irisgarritasuna hobetu ahal izan da – zehazki, Osasun Zentroaren eremura –, zerbitzuen azpiegiturak berritu dira eta inguruko segurtasuna indartu da Mungiako bizilagunentzat. Lan hauek gauzatzeko 75.577 '71 euroko inbertsioa egin da.
Leire Bilbaok, Mungiako Udaleko Hirigintza zinegotziak, nabarmendu duenez, "jarduera honekin, legegintzaldiaren hasieran hartu genuen konpromisoan aurrera egiten jarraitzen dugu: udalerri irisgarriagoa, seguruagoa eta herritar guztien beharretara egokitua eraikitzea. Hiri-eremua etengabe hobetzea funtsezkoa da gure bizilagunen ongizatea bermatzeko". Ildo horretan, zinegotziak eskerrak eman dizkie herritarrei obrek iraun duten bitartean emandako laguntzagatik, eta Udalak udalerria pixkanaka eraldatzeko eta hobetzeko jarduerak bultzatzen jarraitzeko duen borondatea berretsi du.
Zehazki, espaloien zabalera handitzeko lanak egin dira, indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokituz eta oinezkoentzako pasabideen erosotasuna hobetuz. Halaber, ur beltzen eta euri-uren saneamendu-sareak berritu dira, ur-hornidurako, argiteria publikoko eta telefoniako sareen trazadura birdiseinatu da, eta asfaltatze-lanak eta pintura-lanak egin dira, akabera segurua eta kalitatezkoa bermatzeko.